Atzo bukatu zen Bizkaiko Metalgintzako Langileek deituriko astebeteko greba. 50.000 langiletik gora biltzen dituen sektore honek jada uda aurretik erakutsi zuen zertarako gai den eta ez zuela atzera egingo aldarrikapenak erdietsi arte. Patronalak eta Urkullu jaunak asteotan grebaren aurka erakutsitako mespretxua eta baita El Correo, EITB eta bestelako komunikabideen manipulazioak ezin izan du langile borrokaren erakustaldi eredugarria izan dena desitxuratu.
Argi dago langile klase esanekoa nahi dutela; argi dago borrokak ezertarako balio ez duela sinestarazi nahi digutela baina, azken esperientziek bestelako errealitatea erakusten digute: Ubikeko bitartekariek, Bizkaiko Erresidentzietako emakume langileek, Huerta de Peraltako borrokak eta baita aste honetan bertan Judimendiko joko aretoa itxi izanak esaterako. Zapaltzaileei gustatu ez arren, borrokak merezi du!
Horregatik, borrokak ez du etenik, Bizkaiko Metalgintzak ez du amore emango eta mobilizazio berriak iragarriko ditu. Udazken beroa dator, mugimendu feministaren eta pentsionisten olatuak bizi genituen aurreko ikasturtean eta langile klaseko sektore ezberdinek borrokak bateratzen ari dituzte. Irailaren 21ean Harro Plataformaren eta metalgintzako langileen arteko elkarriko elkartasuna eta pentsionistek astelehen honetan emandakoa horren islada dira.
Gazteok ere hor egon behar dugu, borrokaren lehen lerroan. Urriaren 19an Karmelan burutuko ditugun Bizkaiko Gazte Langileon Jardunaldietan hitzordu garratzitsua dugu. Udazken beroa dator. Gazteon garaia da! Gora langileon borroka!
